XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Beste horrenbeste esan dezakegu adizkietako pluralgileaz, hots pluraleko hirugarren pertsona osagarri zuzenari adizkian dagokion morfemaz edo subjektuari dagokion adizkia egoki aukeratzean.

Kontutan izan behar dugu adibide apur batzuk badira ere, zaila dela hain korpus mugatuan adibide ugari biltzea.

Nolanahi ere, nire ustez, adibide urri hauek argi derakusate Oitzek gramatika-arloan bere burua zuzentzeko duen ahalmena.

Gizaki heldu batek horrela zuzenduko balu bere hizkuntza, gramatikaz jabetu dela esango genuke.

Zergatik ez dugu gauza bera pentsatu behar haurra denean zuzenketen egilea?

Bestalde, pentsatzekoa da haur bat bere ekoizpena zuzentzeko gai bada, beste haurrak ere gauza bera egiteko gai izango direla, argi ikusi baitugu ikerketan zehar antzekotasun handiaz garatzen duela hiru haurrek euskararen gramatika.

5.4. GRAMATIKAREN JABEKUNTZA MAILAKATUA

Gorago ikusi dugun gramatikaren jabekuntza goiztiarra aroetan gauzatu dutela ere baiezta dezaket.

Mailakatzea, hasierako hipotesian esan dudan legez, perpausak duen egitura hierarkikoaren arabera gertatu da, eta horrela lau aro ikusi ahal izan ditugu hiru haurrengan:

- Gramatika-ezaugarririk eta sintaxi-araurik gabeko aroa.

- Aditz-kategoriaren erabilerak mugatzen duen aroa.

- INFL funtzio-kategoriaren erabilerak mugatzen duen aroa.

- Eta azkenik, KONP funtzio-kategoriaren erabilerak zabaltzen duen aroa.

Baina zehatz ditzadan aro hauen berezitasunak:

Hitz biko esaldiak erabiltzen hasten direnean, aldi baten, haurrek ez darabilte inolako gramatika-ezaugarririk ez sintaxi-araurik.

Haurrek eraikitzen dituzten esaldiek, besteak beste, hatsarre semantiko-pragmatikoez eginak dirudite.

Ez dut esan nahi hatsarre semantiko-pragmatikoak darabiltzatela ekoizpen guztietan, zenbaitetan baino.

Edozelan ere, gramatika- eta sintaxi-hatsarreen erabilera-eza nabarmena da.

Aldi honetan azpimarragarria da izentzat eta adjektibotzat jo dezakegun materiale lexikoa -a markaz gauzatzen dutela, nahiz erabilera hau lexiko hutsa den, eta inola ere ez gramatikaren arlokoa.

Gramatikaren jabekuntzaren garapenean gauzatzen duten lehen erabilera aditz-kategoriarena da.